Liburuak proiektuan

João Manuel Ribeiro: Albo ondorioak

Juan Kruz Igerabideren itzulpena

Hala da: João Manuel Ribeiroren poema hauen irakurketak “albo-ondorioak” izan ditzake irakurleengan, batez ere adi-adi daudenengan…
Liburuak bi zati diru: lehenak Etxeko txokoak du izena, eta 14 poema ditu; bigarrenak, berriz, 46 poema jasotzen ditu, eta Inplikazioen koadernoa du izena.
Etxeko gaiez gain, non inurriak, kolunpio bat, aitaren txilibitua, maitasun gutunak eta Gabonetako eskaera bat aurkituko ditugu, bestelako kontuekin ere katramilatzen da: bizilagunaren adarbakarra, errege zaharra, amaordea eta printzesa, espaloian etzanda dauden bi gizon, eskale bat, xake-jokalariak, eroak, artzain bat, langabezian dagoen emakume bat, katuak, paralitiko mendekati bat, egurrezko zaldi bat, neska arrotz bat, profeta baten balea, soinujole bat, otsoak, poeta bat eta jende benetan zoriontsua…
Poemekin batera, Paulo Stocker brasildarraren marrazkiak daude, harrigarriro sinpleak eta (ustez) inozoak.
Nerabe eta gazteentzako poema liburu bat, aztoratzeko asmo esplizitua duena…

João Manuel Ribeiro: Joanaren jeansak

Juan Kruz Igerabideren itzulpena

Os Jeans de Joana liburuaren poemetan, haurrak izateari utzi diotenen baina oraindik heldutasunera iritsi ez direnen (hortik dator Poemas para Adultolescentecer azpititulua) kultura islatzen da, modu poetikoan islatu ere, aberastasun paradoxiko eta kontraesankorrean.
Nortasunaren bilaketa, maitemina, flirteoak, gurasoekiko eta eskolarekiko harremanak, kontraesanak eta dilemak, emozioak, erronka pertsonalak eta profesionalak, ametsak eta desioak, heldutasuna, modak, konbentzioak, digitalizazioa, teknologiaren eragina… Horiek guztiak irakurtzen eta idazten dira poetaren lan honetan, bizitzaren gogortasuna eta ironia albo batera utzi gabe.

Evald Flisar: Alizia Erokerien lurraldean

Gerardo Markuletaren itzulpena

Ederki pasatuko duzu Alizia Erokerien Lurraldean irakurri bitartean! Eta, aldi berean, Poterbatzaren patuak kezkatuko zaitu, gure munduaren antz handia duenak.
Lurralde hori ez duzu mapa batean aurkituko. Ozeano Atlantikoaren erdian dagoen hautsez betetako uharte bat da. Bertako biztanleek baliabide natural guztiak agortu dituzte, buztinaren antzeko substantzia bat izan ezik, Pottington hiriburuaren azpian induskatzen dena. Hiria azpian dagoen zuloan eror ez dadin, gero eta handiagoa baita, zutabe gero eta gehiago behar dituzte, eta horretarako lur azpiko materiala behar dute. Den-dena material horrekin egina dago, baita zuhaitzak ere… Lur azpiko zuloak hazten jarraitzen duenez, zutabe gehiago behar dituzte, eta horiek eraikitzeko fabrikatzen dutena txikitu behar dute.
Alizia eta bere osaba, arazo ekonomikoetan aditua, uharte honetan daude. Poterbatza itsas mailatik gora mantentzeko kontratatzen dituzte…
Elkarrizketa burutsuak Hana Tintor ilustratzaileak irudiz hornitu ditu. Egileak modu dibertigarrian gogorarazten digu zapaltzen dugun lurra gero eta meheagoa dela…
Liburuak zenbait edizio izan ditu jada, eta hizkuntza ezberdinetan argitaratuda. Duela urte batzuk Cankar lehiaketarako hautatu zuten. Estatu Batuetan bertsio dramatizatu bat argitaratu zen, eta Austriako Theater im Keller-ek alemanezko itzulpen bat eszenaratu zuen.

Aksinja Kermauner: Dragoiak eguzkia irentsi zuenekoa

Patxi Zubizarretaren itzulpena

Gazte literaturak ongi idatzitako liburuak behar ditu, noski, baina batez ere gai sakonak behar ditu, benetakoak. Hain zuzen ere bidaia nobela honek eskura dakartzan bezalakoak. Zergatik? Bada zure antzeko nerabeek herrialde guztiz desberdin batera egindako bidaia eskaintzen duelako, hau da, beste hizkuntza bat, bestelako ohitura eta tradizioak aurkezten dituelako. Horrekin batera, pertsonaiak eskolakide lagunak dira eta haien egoera emozionalaren arabera aztertuko dituzte Txinako jakituria eta eromena, ontasuna eta etsipena, modernitatea eta antzinako kultura, Txinako alde onak eta ez hain onak… Eta hona emaitza: benetako lilura pizten duen narrazio bat.
Baina Aksinja Kermauner-en ikuspuntua are interesgarriagoa da: hainbat hamarkada ikusmen urriko gazteak artatzen igaro ostean, egileak Suncan –kasik– itsua aukeratu du protagonista eta narratzaile lanak egin ditzan.
Honaino iritsi ahal izateko, Aksinja Kermauner-ek bide bihurri bezain atsegina proposatzen du irakurleen bihotzera iristeko –zurera, nirera–, bizitasun handiko pertsonaiak aurkezten dizkigu eta, finean, eguzkia irensten ari den dragoi bat amesten eta irudikatzen laguntzen digu.
Ilargiaren argitan, hobeki eta urrunago IKUS dezagun.