Proiektuari buruz

“GG4A: Irakurketaren Sustapen Berritzailea eta Kulturartekoa” izena daraman nazioarteko proiektuak kalitate handiko sei literatur lan europar sustatzen ditu, eta testuinguruan kokatzen. Literatura gutxituen edo ez oso ezagunen irakurle gazteei zuzenduak daude, eta gehienak hedapen urriko hizkuntzetan idatziak izan dira. Lehen mailako itzultzaileek Esloveniako, Euskal Herriko eta Portugalgo egile ezagunen lanak itzuliko dituzte mazedonierara, esloveniara, euskarara, espainierara eta portugesera.

Proiektuak itzulpena zabaltzeko jarduerak sustatzen ditu, bost hizkuntzatan. Jarduera horiek irakurketa-alfabetatzeari buruzko ikerketan oinarrituta daude, aro digitalean tresna berriak behar baitira publiko berrietara iristeko. Alfabetatzeko tresnen artean plataforma interaktibo bat dago, zeinaren bidez irakurmena konpetentzia digitalarekin lotzen baita. Horretarako lehiaketa, talde-lana eta sormena eskatzen duten jolasak eta jarduerak erabiltzen dira.

Proiektuaren beste jarduera batzuk idazketa sortzaileko tailerrak dira, gazteentzat jarduera mota desberdinak eskaintzen dituztenak. Irakasleek, irakasleen prestatzaileek eta liburuzainek ere lanerako materialak eskura izango dituzte (eskuliburuak, web mintegiak, bideoak), eta proiektua amaitutakoan horiek erabiltzen jarraitzeko aukera izango dute.

Sareak sortzea jarduera garrantzitsua da: partzuergoko kideentzako tailerrak, jardunbide egokien trukea –partzuergoaren barruan zein kanpoan– editoreen arteko bileretan (B2B), liburu azoka handiak nahiz txikiak, eta Latinoamerikako argitaletxeentzako bideo-aurkezpenak.

Proiektuan zehar jendaurreko bost ekitaldi antolatuko dira. Zenbait egilek parte hartuko dute bertan, haien itzultzaileekin batera. Gazte-literaturaren arloan, hartzaile bikoitza dago beti. Proiektuaren jarduerak batez ere gazteei zuzenduta dauden arren, helduengana ere iritsi nahi dute (profesionalak, irakasleak, liburuzainak eta publiko orokorra). Partzuergoko kideak sinetsita daude proiektuaren emaitzak hartzaile guztientzat onuragarriak izango direla, bai eta Europako herrialdeetako gizarteentzat ere; Europatik kanpokoek ere jasoko dute onura, bereziki latinoamerikarrek.